ASCUNCE
ELÍA,
José María
(Beasain, Gipuzkoa , 1923 - Pamplona/Iruña, 1991 )
Pintura.
Corella (Nafarroa), Pamplona/Iruña
José María Ascunce Elía Beasainen jaio zen 1923ko irailaren 14an, eta Uharteko (Nafarroa) Donato Ascunce eta Zizur Nagusiko (Nafarroa) Máxima Elíaren semea zen. Beasaineko Arte eta Lanbideen Eskolan hasi zen arte-ikasketak egiten. Gerra Zibilaren erdi-erdian, semea Astrainera (Nafarroa) bidaltzea erabaki zuten gurasoek, arrazoi ekonomikoak zirela medio, eta, han, amaren aldeko aitona-amonekin bizi izan zen. 1942tik aurrera, Javier Ciga Echandik Iruñean irekia zuen akademiara joan zen pintura-eskolak hartzera, eta, gero, Madrilen jarraitu zituen ikasketak, Nafarroako Foru Aldundiak 1945ean eman zion bekari esker. Hasieran, Arte eta Lanbideen Palmako Eskolan ikasi zuen, eta, gerora, San Fernandoko Arte Ederren Goi Eskolan, eta hantxe ikasi zuen 1951. urtera arte. Ikasten ari zen bitartean, hainbat sari eskuratu zituen: pinturako Carmen del Río Fundazioa; marrazketa naturaleko ikasgaian Saria; El Paularren eta Santillana del Marren pentsionatua. Ikasketak amaitutakoan, Parisera bidaiatu zuen, eta denboraldi labur batez han izan zen; gerora, 1958an eta 1959an itzuli zen hara, museoak ikusi eta La Grand Chaumière Akademian ikasteko. 1952an Corellan jarri zen bizitzen (Nafarroan), eta, han, Arte eta Lanbideen Eskolako marrazketa eta pinturako bitarteko irakasle izendatu zuten. Gero, Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskolan jarraitu zuen irakasten, eta, bertan, plaza lortu zuen 1965ean. Ascunce Elíak sari asko eta asko jaso zituen bere ibilbide artistikoan: Donostiako Udaleko Lehen Pintura Saria (ex aequo) 1957an; 1958an, Nafarroako Sindikatuen Probintziako Ordezkaritzak antolatutako Pintura, Marrazketa eta Artisautza Lehiaketa- Erakusketan, Lehen Pintura Saria; Iruña Hiriko Lehen Pintura Lehiaketako Lehen Saria 1959an. 1962an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Corporaciones Saria eman zion, eta 1972an, Iruñeko Udalak Lehen Saria eman zion Iruña Hiriko I. Pintura Lehiaketan. 1957, 1960, 1962 eta 1964ko Arte Ederren Erakusketa Nazionaletarako hautatu zuten, eta, 1967tik aurrera, bezeroen enkarguak egiten jardun zuen nagusiki. 1985ean Nafarroako Gobernuak Juan Karlos I.a maiestatearen erretratua egiteko enkargua egin zion, eta, 1988an, Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izendatu zuten. José María Ascunce 1991n hil zen, irailaren 27an, Astraineko erakusketa batean berak diseinatutako hilarri-gurutze baten inaugurazioan, Santiago bidean, izan eta egun bat geroago. |